Albisteak
Kultur taldeentzako dirulaguntzen deialdia argitaratu du Udalak
Herriko kultur elkarteentzako dirulaguntzen urteroko deialdia egin du Udalak eta dagoeneko irekita dago eskaerak aurkezteko epea. Eskaerak aurkezteko azken eguna martxoaren 11 izango da.
Eskariak udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira.
Ostiralean Txanka-hondartzako bidea erabili beharko da herrira sartzeko
Udalak konponketa batzuk egin behar ditu ostiral honetan Endaia plazako zoladuran, zebra-bidearen inguruan, eta, beraz, herriko sarrera hori itxita geratuko da trafikorako 08:00etatik 18:00etara.
Lanak egiten diren bitartean, beraz, aldaketak izango dira ibilgailuen zirkulazioan eta, herrira sartzeko, nahitaez, Txanka-hondartzako bidea erabili beharko da.
Salto! gazteentzako topaketa egingo da ekainaren 28tik uztailaren 4ra, UEMAk antolatuta
Udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketa antolatu du UEMAk aurten ere eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.
Topaketa ekainaren 28tik uztailaren 4ra izango da eta,15-18 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta, aurreko edizioetan bezala, ibiltaria izango da: Zumaiatik Lekeitiorako bidea egingo dute gazteek.
Iaz bertan behera geratu zen topaketa, pandemiagatik, eta aurten gogo biziz bultzatu nahi du UEMAk; hori bai, beharrezko osasun-neurri guztiak zainduta.
Udalaren oharra, pandemia-egoeraren aurrean hartutako neurriak berretsiz
Udalak lan-mahai bat sortua du osasun-larrialdia kudeatzeko eta lan-mahai hori aldiro biltzen da udaletxean, egoeraren jarraipena egiteko eta hartu beharreko neurriak aztertzeko. Bizi dugun osasun-larrialdiaren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren ardura da eta berari dagokio neurriak eta prozedurak aplikatzea; hala ere, Orioko osasun-egoera ikusita, joan den ostegunean, alkateak deituta, bilera egin zuen Orioko lan-mahaiak eta bertan Udalak Eusko Jaurlaritzaren dekretuak baino neurri zorrotzagoak hartzea erabaki zuen aho batez eta, ondorioz, udal-instalazio guztiak itxi zituen inolako salbuespenik gabe. Horrekin batera, Udalak elkarlanerako prestutasuna adierazi zion Osasun Sailari eta udal-baliabide guztiak beren esku jarri zituen, unean uneko beharren arabera erabili ahal izateko.
Noka ikastaroa antolatu du Ahalduntze Eskolak aurten ere
Ahalduntze Eskolak eta Udaleko Euskara Zerbitzuak ikastaroa antolatu dute elkarlanean, noka hitz egiten ikasi nahi dutenei edo dakitena hobetu nahi dutenei zuzendua. Noka emakumeei zuzendutako hizketa alokutiboaren, hikaren, aldaera da, emakumeek beren artean erabiltzen dutena edo gizonek emakume bati zuzentzerakoan erabiltzen dutena.
Bigarren aldia da ikastaroa antolatzen dela. Iaz ere egin zen eta arrakasta handia izan zuen, nahiz eta gero, pandemia zela eta, ez zen posible izan saio guztiak aurrez aurre egitea.
Ikastaroa ostiral arratsaldetan izango da. Guztira 5 saio izango dira, bina ordukoak, otsailaren 19an hasi eta martxoaren 26an bukatuta. 17:30etik 19:30era izango dira klaseak kultur etxean, osasun-egoerak eskatzen dituen segurtasun-neurri guztiak hartuta.
Hondatutako bizikletak bide publikotik erretiratzen hasiko da Udala
Kalean abandonatuta dauden jabe jakinik gabeko bizikletak erretiratuko ditu Udalak aste honetatik aurrera. Hasiera batean, oso hondatuta eta egoera kaskarrean dauden bizikletak erretiratuko ditu. Udaltzaingoak zigilu bat jarriko die aurrena bizikletei eta, inork ez baditu erreklamatzen, handik zazpi egunetara hondakin gisa tratatuko ditu.
Kaleak txukuntzea eta bizikletalekuetan tokia libratzea da helburua. Bizikletaleku batzuk beteta izaten dira sarri eta, askotan, dagoeneko erabiltzen ez diren bizikleta hondatuak daude bertan amarratuta, tokia okupatzen. Bizikleta horiek zirkulaziotik kenduko ditu Udalak.